Atsegin handiz aurkezten dugu 452°F Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua aldizkariaren laugarren alea. Poz handia ematen digu, alde batetik, zenbaki berria argitaratzeak berak eta taldea handitzen ari dela ikusteak, gero eta lankide gehiago baikara Erredakzio Kontseiluan, Batzorde Zientifikoan eta ilustratzaile, itzultzaile, zuzentzaile nahiz maketatzaileen taldeetan. Bestetik, duela bi urte baino gehiago abiarazitako proiektua sendotzen ari dela esan dezakegu, besteak beste, hainbat datu-base zientifikotan sartu gaituztelako; hala nola, DOAJ, CSIS, LATINDEX, CCUC, RACO eta ISOC.


Zortzi artikulu ditu ale honek. Bost artikuluk monografikoa osatzen dute, eta beste hirurek miszelanea. Gure deialdiaren helburua zen memoriari lotutako kultura ekoizpenak aztertzea, eta bereziki, ekoizpen horien harremana banako identitateen eta identitate kolektiboen sorkuntzarekin. Garrantzia ematen genion ahots ezberdinak, diskurtso historiografiko berriak azaleratzeari; baina egungo egoera politikoen aurrean, beharrezkoa iruditzen zitzaigun ikuspuntu kritiko bati eustea ere, memoria gehiegikeriei aurre egiteko eta diskurtso bakoitzaren balio aktibo-politikoa identifikatzeko, diskurtso transnazionalak izan arren. Beraz, espazio kritiko bat sortzen ahalegindu gara, alde batetik, estrategia diskurtsibo ezberdinak aztertzeko eta, bestetik, «memoriaren industriari» buruzko hausnarketa egiteko. Bereziki interesatzen zitzaigun produktu horien eta bere testuinguru sozio-historikoaren arteko lotura ere.

Monografikoko bost artikuluek errepresentazio moduaren eta diskurtsoaren arteko harremanaz dihardute hain zuzen ere, eta testuinguru historiko eta politikoan kokatzen dute diskurtso bakoitza. Beraz, artikulu guztietan memoria prozesu guztiek komunean dituzten ezaugarriak aztertzen diren arren (fenomeno globala eta transnazionala dela erakutsiaz), diskurtso bakoitza bere testuinguru historiko, sozial eta politikoan agertzen zaigu, iraganari buruzko irakurketak eskainiaz, orain alditik eta orain aldira.

Bereziki pozten gaitu Jaume Peris eta José Colmeiro doktoreen kolaborazioak eta zinez eskertzen diegu egindako ekarpena. Memoriaren gaian adituak dira biak, eta Batzorde Zientifikoko kideak. Perisek azterketa bikaina egin du azken hamarkadan Espainian Gerra Zibilaz kaleratu den kultura ekoizpenaren inguruan. Narrazio hunkigarrien eraikuntza ikertzen du: lekukotasunen gehiegizko erabilera eta estetika homogeneo bat, Perisek berak eta Eugenia Monroyk aipatzen duten memoria efektua sortzen duena. Funtsean, «Hubo un tiempo no tan lejano... Relatos y estéticas de la memoria e ideología de la reconciliación en España» artikuluak aztertzen du zer nolako eragina izan duen merkatu sistemaren araberako ekoizpen honek despolitizatutako, esanahirik eta aldarrikapen historiko politikorik gabeko diskurtso bat sortzen.

José Colmeiroren «Nation of Ghosts» artikuluak ere Espainiako Gerra Zibilaren memoriaren inguruko diskurtsoak aztertzen ditu, eta horien eraldatzeak, merkatuak eta sistema politikoak Espainiako historia garaikidean izan dituzten aldaketei lotuta. Ikuspegi kritikoa hartzen du Colmeirok momentu historiko horien inguruan eta kontatzeko eta oroitzeko behar indibidual nahiz kolektiboaren aurkako ahanztura politiken inguruan.

Hain zuzen ere, memoriaren eta ahanzturaren arteko tentsio hori da Jorge Fernández Gonzalok landutako gai nagusia. Ahanzturaren erabilera (erresistentzia gisa) aztertzen du Antonio Gamonedaren obra poetikoan, eta erabilera horren lotura frankisten memoria politika ofizialekin, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren historia mitologikoa idatzi zuten politikekin.

«“I shall Intervene, With Nomad Memory and Intermittent Voice”: Resurrecting Collective Memory in Assia Djebar’s Fantasia, An Algerian Cavalcade» artikuluan, Lobna Ben Salem-ek generoan jartzen du arreta, Assia

Djebar-en narratiba aztertzeko. Emakumeen ahotsak aldarrikatzen ditu Djebar-ek, Algeriako Independentzia Gerrari buruzko historiografia monokordea apurtuaz eta identitate kolektiboaren eraikuntzan lagunduaz.

«The Space of Remembering: Collective Memory and the Reconfiguration of Contested Space in Argentina’s ESMA» artikuluan, Emily Parsons-ek hiriko espazio baten eraldaketa fisiko eta sinbolikoa ikertzen du. Argentinako ESMA atxiloketa zentroa museo bihurtzeko proiektuaren inguruan, diktadurari buruzko ikuspegi politiko ezberdinak daude aurrez aurre. Eta honi lotuta, musealizazioa aztertzen du egileak, memoria eraikitzeko prozesuen dinamika gisa. Batzuetan, oraindik bizirik dagoen gatazka bat historiko egiteko borondatea adierazten du musealizazioak, Parsons-ek jasotako lekukotasun batek, Mercedes Moroñorenak, adierazten duen bezala: «We don’t want a museum because we haven’t buried our children. Until they tell us where they are, as far as we’re concerned, our children are still alive» {International Justice Tribune, 2008: 2}.

Miszelanea atala hiru artikuluk osatzen dute. Lehenengoan, Adriana Bocchinok proposatzen du barneko eta kanpoko erbestea bizi dutenek, bereziki emakumeek, idazketaren bidez eraikitzen dutela aberria. Eta hipotesi hori frogatzeko, Tutuna Mercado-ren eta María Negroni-ren lana aztertzen du.

Bigarrenean, Mary Ryan-ek Marian Keyes-en lana eta Irlandako emakumeen errepresentazioa ikertzen ditu. Horretarako, lotu egiten ditu Irlanda tradizional katolikoko emakume ereduak eta gaur egungo emakume irlandarren arazoak.

Azkenik, Santiago Venturinik literatura konparatuaren eta itzulpengintzaren arteko loturak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ditu, Charles Baudelaire-ren Les fleurs du mal lanaren bi itzulpen argentinarren irakurketa konparatua eginaz.

Bukatzeko, artikulugile guztien lankidetza eskertu nahi dugu, eta baita 452ºF aldizkariaren ale ezberdinetan lan egin dutenen ahalegina eta konpromisoa ere; Batzorde Zientifikoko kideena, Erredakzio Kontseiluko kideena, eta aldizkaria gauzatzen duten talde ezberdinena. Haien lanari esker argitaratu ahal izan dugu laugarren ale hau.

Espazio kritiko bat sortzen lagundu izana espero dugu, literatura konparatua analisirako eta erresistentziarako tresna gisa aldarrikatzeko. Memoriaren diskurtsoak berreskuratzeko balio duen tresna da, baina bere indar politikoaren jakitun izan behar du, ideologia gabezian erori gabe. Iraganera begiratzeak orainaldia ulertzen laguntzen badu, gure asmoa begirada horiei buruzko hausnarketa sustatzea izan da.

FaLang translation system by Faboba

index

miar ccuc csic dialnet doaj e-revistas isoc latindex MLAracoresh
lista de emails
click sinuca

chfyavbh88y FilmOneTorrents http://filmonetorrent.blogspot.com/4cd3