452ºF #10
Antzerkia eta Diktadura XX. mendean

452ºFren hamargarren aleak antzerkiaren eta diktaduraren arteko harremanei buruzko eztabaida eta hausnarketa gune izan nahi du. Izan ere, asko izan baitziren XX. mendean zehar diktadura moduren bat jasan zuten gizarteak eta horietan denetan bihurtu baitzen antzerkia erabilgarritasun handiko tresna. Erabilgarritasun horren funtsean antzerkiak, beste genero artistikoek ez bezala, berehalakotasunaren eta kolektibitatearen inguruan grabitatzen duen indarra dago: antzerkia hura jasotzea beste helbururik ez duen taldeari zuzenean, bitartekorik gabe, mezu bat transmititzean datza. Idiosinkrasia horrek, beste genero batzuekin alderatuta, publikoaren politizazio handiagoa ahalbidetzen du eta, horretaz kontziente izanik, diktadurak zein haren kontrakoak antzerkiaz baliatu izan dira tradizionalki testuinguru totalitarioetan obedientzia inposatu edota desobedientzia sustatzeko. Oraingo honetan, diktaduren aurrean antzerkiak izan duen erabilera ihardukitzailea izan da monografiko honetako kolaboratzaileen interesaren gune izan dena. Beren lanetan erregimen diktatorialen espektro zabal eta esanguratsuetako antzerkiaren egoera mamitu dute.


«Censura e resistência: o teatro de grupos amadores na cidade de São Paulo» artikulu gonbidatuan, Roseli Figarok Brasilgo antzerkiaren zentsuraren funtzionamendua aletzen du, Estado Novoan eta militarren diktaduran zehar, baita bien artean izan zen demokrazia hauskorraren epealdian ere indarrean zena. Artikulua São Paulo hirian garatu zen antzerki amateurraren korpusaren bidez gauzatzen da, hortaz, lanak kohesio sozialerako fenomenotzat hartzen du antzerkia eta prozesuaren partaide izan ziren aldeen testigantzak barnebiltzen ditu. Material baliagarri hauek eskaintzeaz gain, Figaroren artikuluak zentsurarako materialak mantentzen direla azaltzen du eta egungo Brasilen prozesu zentsuratzailearen ikerketa nola burutzen den argitzen du. Kontinente hegoamerikarraz beste ikuspegi bat eskaintzen du Gina Beltrán Valenciak «Antígona Pérez y el sensacionalismo: la desarticulación de un sistema totalitario» artikuluan. Bertan, diktadura baten eremuaren baitan, boterearen eta errebeldiaren arteko harremanak aztertzen ditu, La pasión según Antígona Pérez: crónica americana en dos actos lanaren azterketa dramatikoaren bidez. Testua kristautasunaren eta tragediaren egiturekin elkarrizketan diharduen obra dramatikoa da, Antigonaren dramaren berridazketa bat, eta Molinaren irudizko errepublikan kokatzen da; XX. mendeko diktadura hispanoamerikarren metafora unibertsalizatzailea.


Hiru artikuluk Iberiar Penintsulako diktaduretako antzerkiaren egoeraren ikuspegi xehatua eskaintzen dute. Lehenengoan, «El Teatro español sobre apropiación de menores. La puesta en escena como espacio de identidad y memoria» lanean, Frankismo garaian Espainiako Gerra Zibileko galtzaileen kontra egindako umeen lapurretak berreraikitzen dituen antzerkigintza, XXI. mendekoa, aztertzen du Luz C. Soutok. Bere lanak antzerkiaren bidezko memoriaren eraketa jorratzen eta antzerkiaren generoak ikusleak prozesuaren partaide egiteko duen moduari buruz hausnartzen du. «La polémica teatral en Destino (1959). Néstor Luján, Josep Maria de Sagarra y la Agrupación Dramática de Barcelona» artikuluan, Blanca Ripoll Sintesek Frankismo garaiko Kataluniako antzerkiaren egoera ikertzen du. Haren dekadentziaren kausak xehatzen ditu lanean eta intelektualek Kataluniako jatorrizko hizkuntzan antzerkigintza suspertzen saiatzeko egindako proposamenak zerrendatzen ditu. Artikuluak antzerkiaren, intelektualitatearen, prentsaren eta instituzio publikoen arteko harremanak lantzen ditu eta, diktadura garaiko antzerki kataluniarraren egoera zabal eta dokumentatua emateaz gain, Frankoren Espainia erabat nazionalistan berreraikitzeko problematika islatzen du. Azkenik, Ana Cabrerak, «A memória e o esquecimento: A censura do Estado Novo em Portugal perante três peças de autores espanhóis» artikuluan, xehetasunez azaltzen du Estado Novoko sistema zentsuratzaile portugaldarraren funtzionamendua, hiru obra espainiarren korpusaren bidez, antzerkiaren harreran zentsurak dituen ondorioak argitara emanez. Korpus horrek diktadura espainiarraren eta portugaldarraren arteko harremanez hainbat azalpen ematea ahalbidetzen dio egileari, ikuspegi iberiar interesgarria eskainiz.


Azkeneko artikuluek Ekialdeko Europako bloke sobietar zaharreko egoerari heltzen diote. «The Belarus Free Theatre: Performing Resistance and Democracy» artikuluan, Kathleen Elphickek Bielorrusia post-sobietarreko antzerkiaren egoera aztertzen du. Pentsamendu aurrerakoiaren Antzerki Nazional hutsal eta neutralizatzaile batzuk adoretzeaz batera, Lukashenkoren erregimenak debekatu egin dio Belarus Free Theatreri bere lanak herrialdean antzeztea. Taldeak, ordea, modu klandestinoan eta etxebizitza pribatuen eremuan eskaintzen du erresistentzia performatzaile modu bat, isilarazitako egunerokotasuneko errealitateei eta Bielorrusiako tabu gaiei buruzko espektakuluen bidez. «Castorf staging Limonov: Performativity and Neo-Totalitarianism at the Berliner Volksbühne» artikuluan, berriz, Christine Kortek Limonov egile errusiarraren Fuck Off, Amerika nobelaren bertsio eszenikoaren Berlingo Volksbühneko antzezpenean jartzen du begirada. Artikuluak oinarrian hartzen du muntaiak proiektu kapitalistari eta komunistari egiten dion kritika, hein batean parekatu egiten dituenak; eta, era berean, Volksbühnea jotzen du antzerki antiburges eta erradikal berlindarraren gotorlekutzat, hiriburu alemaniarraren bateratze eta gentrifikazio prozesuari erantzun bat ematen tematua. Lanean ikertzen da, halaber, Castorfi, antzokiko zuzendariari, nola erretorika totalitaristaren erabilera baliagarri zaion, eskuin muturrekoa zein ezker muturrekoa izan, hiriak nabaritzen duen amerikartze prozesuaren aurrean kontzientziak astintzeko.


Anitza da artikulu hauek azaltzen duten antzerkiaren eta diktaduraren arteko harremanen problematika. Anitza, ugariak direlako ikertzen diren gizarteak eta lanek pasa den mendean diktaduraren ankerkeriak bereziki zigortutako lurraldeei eskaintzen dietelako ahotsa: Hego Amerika, Iberiar Penintsula eta Ekialdeko Europa. Anitza, artikuluek antzerkiaren dualtasun epistemologikoa azpimarratzen dutelako eta literaturaren ikuspegitik zein eszenikoarenetik lantzen dutelako. Anitza, antzerkiaren eta diktaduraren arteko harremana jorratzen delako, denboran zehar batera izan direla kontuan hartuta zein hausnarketa gisa, a posteriori, iraganari buruz. Anitza, antzerkiak norbanakoarengan duen inpaktua, memoriarako eta nortasunerako espazio gisa tratatzeko gaitasuna, eta generoak instituzioekin (prentsa, zentsura, espazio eszenikoak) duen harremana aztertzen direlako. Eta anitza, diktadura lantzen delako, ez edukitzaile gisa soilik, baizik eta antzerkiaren eduki gisa ere. Horrek guztiak ikuspuntuen aniztasun harrigarria ematen dio monografikoari, hain garrantzitsua den eszenaren eta tiraniaren arteko harremanaren hausnarketarako gune bihurtzea helburu zuena, hain zuzen.


Alea bost artikuluz osatutako atal miszelaneoak osatzen du. «De la caverna platónica a las prisiones modernas: Visión y oscuridad en la literatura, el cine y el arte políticos del siglo XX» artikuluan, Patrícia Vieirak itsutasuna, etika eta politika kontzeptuetan zeharreko ibilbide bat proposatzen du, XX. mendeko literaturan, artean eta zinema politikoan, argitasuna, itsutasuna, totalitarismoa eta erresistentziaren arteko harremanak aztertuz. Amanda Ruiz Navarrok, «Reescriptura i reivindicació a les Horacianes de Vicent Andrés Estellés» artikuluan, Horacines poema-bilduma lantzen du, Vicent Andrés Estellésena, eta Horacio poeta latindarraren obratik abiatuta, horrek planteatzen duen berridazketaren prozesua aztertzen du, zentsura ekidinez zenbait aspektu kritiko sartzea ahalbidetzen diona. Bestalde, Martín Rodríguez Baigorriak, Der Tod des Empedokles obraren lehenengo bi zirriborroen bidez, «Tragedia y retórica entusiasta en el Empedokles de Hölderlin» artikuluan, erretorika kartsuaren nozioa ikertzen du Hölderlinen obrako arazoaren sortzaile gisa. «Comparación entre la poesía existencial de posguerra de España y Corea del Sur» artikuluan, Elia Rodríguez Lópezek Espainiaren eta Hego Korearen, kulturalki hain urrun dauden bi herrialderen ikerketa konparatzailea egiten du, gerra zibilen esperientzia eta ondoren etorri zen krisi existentziala islatzen duen gerraosteko poesiaren bidez. Azkenik, Paula Simónek, «La Literatura y las catástrofes históricas del siglo XX, un novedoso objeto de estudio comparatista» lanean, kontzentrazio eremuetako testigantza literaturari buruz hausnartzen du, literatura konparatuari helduz. Lantzen dituen diziplina artekotasunaren eta transbertsalitatearen nozioek ikuspegi berriak eskaintzen dizkiote generoari.


Editorial hau ezin buka genezake 452ºF aldizkariaren hamargarren alera heltzeak ematen digun poztasuna onartu gabe. Gertaera honen atzean ez dago soilik duela bost urte espiritu berritzailea, transbertsala eta eleanitza lagun sortu zen argitalpenaren bizitasuna, aitzitik, partaide dituen horien konpromiso zintzoa, proiektuaren seriotasuna eta, azken batean, ongi egindako lanaren arrakasta aditzera ematen du. Horregatik guztiagatik ez dira hutsalak, ezta erretorikoak ere, talde osoari eta aldizkariaren parte diren eta 452ºF argitaratzeko lan erraldoia ezin hobeto burutzen duten guztiei doazkien zorionak. Ospa dezagun. Eta segi dezagun aurrera.


Diego Santos Sánchez


FaLang translation system by Faboba

index

miar ccuc csic dialnet doaj e-revistas isoc latindex MLAracoresh
lista de emails
click sinuca

chfyavbh88y FilmOneTorrents http://filmonetorrent.blogspot.com/4cd3