452ºF #11
Literatura iberiko konparatuak


452ºFko hamaikagarren aleak bereziki konplexu eta problematikoa den gai bati eskaini dio bere dossierra: Iberiar penintsulako erlazio literario eta kulturalei; elkarrizketa eta tentsio etengabean aurkitzen diren sare intelektual hauei, hain zuzen. Banaka, Iberiar penintsularen kultura desberdinak ezin ditzakegu guztiz ulertu, inperatibo historikotzat hartu dugu, beraz, kultura hauen berraztertzea paradigma konparatiboak kontuan harturik; hau da, kultura desberdinen arteko ezjakintasuna sustatu duten ikuspegi instituzionalak eztabaidan jartzen dituzten paradigma konparatiboak kontuan harturik. Kritikariek Ikasketa Iberikoetan gero eta interes handiago dute eta interes hau erronka politiko eta sozialek erreklamatzen dituzten berehalako eginbeharren ondorio bezala ulertu dezakegu. Hala ere, literaturari dagokionez oraindik ibilbide luze bat dugu egiteko, oso gutxitan egin baitugu gure inguru akademikoan literatura iberiarren ikerketa konparatiboa. Hutsune hau ez da soilik tradizio falta baten ondorio. Instituzioek ere eragozpenak jarri dituzte “Estatu espainola”, “Iberiar penintsula” edo “Europa” bezalako nozioak, botere posizio batzuetatik pentsatu ordez, pluralitatetik pentsatzeko. Botere posizio horiek, gainera, ez dira batere arrotzak penintsulako hizkuntza desberdinen literaturen garapenean.


Monografiko honek, testuen produkzio, irakurketa eta zirkulazio jakin batez arduratu gabe, Literatura konparatua era abstraktu batean ezin daitekeela gauzatu uste du. Iberiar literaturek Literatura Konparatua bezalako diziplina baterako oso emankorrak diren erlazio problematikoak azaltzen dituzte, bereziki Historia Intelektualarekin eta Literaturaren Soziologiarekin harremanetan jartzen direnean, azken hauetatik sortu behar delarik Ikerketa Literarioen berrikuntza, oso positibista izan den izaera historiografikotik askatuz. Hala ere, Literatura konparatuaren ordezkoen ugaltzeak saihestu beharko genituzke, izan ere, hauek Literatura Konparatuaren zeregina historia literario linealen justaposizio batera murrizten dute —nahiz eta batzuetan “sistema” edo “arlo literario” bezalako nozioak erabili; hori bai, literatura nazional batekin identifikatuz eta ondorioz, Literatura Konparatuak eta Teoria Literarioak bukatutzat hartzen dituzten ereduei jarraipena emanez.


Horrela, oso interesgarriak iruditzen zaizkigu monografikoa irekitzen duten lehenengo bi artikuluak, arlo honetan espezialista ezagunak diren bi autoreek idatzitakoak: Arturo Casas (Universidade de Santiago de Compostela) eta Antoni Martí Monterde (Universitat de Barcelona). Bi artikulu hauek elkarren osagarri dira hainbat alorretan eta bien artean elkarrizketa bat ematen dela esan genezake. Lehenengoak metodologikoa den proposamen bat eskaintzen du, eta bigarrenak, kasu konkretu baten ikerketa; bertan, kontaktuan dauden penintsulako sistema literario eta kulturalen arteko hierarkizazioaren polemika aurkezten zaigu.


Literatura iberiarren arloak azaltzen dituen hainbat gatazkak tresna kontzeptual konplexu baten beharra dute. Arturo Casasek artikulu garrantzitsu bat eskaintzen digu eskuzabaltasunez, “Constitución de una historia literaria de base sistemática: el sistema cultural como objeto de análisis histórico en el programa de investigación de Itamar Even-Zohar”, galizieran azaldua eta 452ºF aldizkariak lehen aldiz lau hizkuntzatan eskaintzen diguna. Joera teoriko markatu batekin, testuak Historia literarioaren berrikuste sakon bati ekiten dio, narrazio linealera murriztu ezin daitezkeen objektu konplexuak kontutan harturik —Iberiar literatura konparatuen kasua bezala. Helburu hau lortzeko Itamar Even-Zoharraren polisistemen teoria erabakigarria izan daiteke, izan ere, teoria honek eskaintzen duen metodologia historiko-kulturala elkar erlazionaturik dauden edo minorizaturik, nahiz dependenteak diren sistemen tratamendu historiografikoari aplikatu diezaiokegu. Casasek XX. mendeko Teoria Literarioaren bidez literatur historiografiaren problematizazioaren historia labur bat egiten du. Alde batetik, Historia Literarioak eta Historiografiak pentsamendu mailan duten berezkotasuna aztertzen du narrazio eta diziplina historikoen funtzio instituzionalaren arteko inplikazioak kontutan harturik. Bestetik, premisa semiotiko, teoria sistemiko eta Bourdieuren literaturaren soziologiaren ikuspuntutik, Historia Literarioaren berraurkezpen bat eskaintzen du. Honek guztiak konparatiboa den historia literario batentzako lau erronka daudela ohartarazten digu: 1) sistema edo alorren mugaketa, 2) sistema baten barruan nahiz gradu eta hierarkia desberdineko sistemen artean ematen diren interakzioen mugaketa, 3) sistema bat osatzen duten posizio desberdinak zehaztea eta, batez ere, 4) sistemaren ikerketa sinkronikoak dinamika diakronikoa barneratzen duen modua zehaztea.


Antoni Martí Monterdek, “¿Dónde está el Meridiano? Guillermo de Torre y Agustí Calvet ‘Gaziel’: un diálogo frustrado” artikuluan, “Meridiano intelektualaren” polemika ezaguna berreskuratzen du, 1927an sortu zena La Gaceta Literariaren editorial batean, “Madrid, meridiano intelectual de Hispanoamérica”-n hain zuzen, baina ikuspegi berri bat landuz, penintsularra den irakurketa baten bidez. Ikuspuntu hau, nahitaez, literatura penintsularreko sistema desberdinen hausnarketan kokatzen da; beraien arteko erlazioetan eta beraien arteko koordenatu nagusien hierarkiari buruzko eztabaidan. Monterdek berreskuratzen duen elkarrizketa zapuztua bere historia intelektualaren une bat da. Polemika honetan Gazielen partaidetzak—Iberismoaren alde dagoen Kataluniako idazleak erdarazko polisistema literarioan Madrilek duen hegemonia sinbolikoa jartzen du zalantzan, ez hispanoamerikarra den esparruan soilik, baita eremu penintsularrean ere, gune kulturalen sare bat proposatuz —Lisboa, Konpostelako Santiago, Bilbo eta, batez ere, Bartzelona— “meridiano intelektuala” izateko kondiziotan daudelarik. Gazielen partaidetzak ez zuen erantzunik jaso polemikako protagonisten aldetik —Guillermo de Torre eta Giménez Caballeroren aldetik. Marku honetan Martí Monterdek La Gacetatik Espainiako literaturari buruz eskaintzen den definizio monologikoa azaltzen du, kontradikzioan jarriz proiektuaren azpitituluak proposatzen duena: iberikoa, amerikanoa eta internazionala izatea.


Santiago Pérez Isasiren artikuluak, “Literatura, iberismo(s), nacionalismo(s): Apuntes para una historia del iberismo literario (1868-1936)”, iberismoak duen dimentsio literarioa aldarrikatzen du, luzez jakintsuek aztertu gabea haren izaera historikoa eta politikoari arreta gehiago jarri ondoren. Pérez Isasik intelektuala den idazlearen figura garatuko duen Ikasketa Iberikoen aldarrikapena egiten du. Idazle intelektual honek kultura penintsularren arteko erlazioei buruzko eztabaidetan parte hartzen du literaturari dagokion tokitik. Horrela, Literatura iberikoen protagonistek osatutako Iberismo kultural bat proposatzen du, beraien adierazpenik esanguratsuenak aurkezten ditu eta Portugal-Espainia erdigunetzat izango lukeen iberismo kultural baten ondorioen ikuspegi bat eskaintzen du.


Christina I. McCoyk (University of Texas, Austin), “Traveling Through Time and Space: Saramago, Cervantes and the Chrivalric Tradition” artikuluan, tradizio literario anitz batetik sortutako idazkera literario baten azterketa eskaintzen digu, José Saramagoren A Jangada de Pedra (1986) eleberriarena hain zuzen. McCoyren ustez, aldebakarrekoa den identitate iberiarraren ezintasuna azpimarratzen du Saramagok bertan, Portugal, Espainia eta Europaren arteko erlazioak beraien konplexutasunean agertuz.


Itzulpenen politika, Literatura Konparatuaren ezinbesteko esparrua, ezin dezakegu iberiar literaturaren ikerketetan saihestu. Itzulpena dugu kulturaren historian indar eredugarririk handiena duen jarduera, eta itzulpenen corpusa polisistema bat osatzen duten faktore sistemikoetako bat dugu. Diana Cullellek (University of Liverpool), “Crossing Borders: Identity and Culture in Translation in Joan Margarits’s Bilingual Poetry” artikuluan, ezaguna den olerkari katalanaren lan elebidunak aztertzen ditu. Joan Margaritek hirurogeiko hamarkadan hasi zuen bere ibilaldia erdaraz eta laurogeiko mendetik aurrera katalanez aritu da. Cullellek Margariten argitalpen elebidunak aztertzen ditu; hauek, Margariten arabera, elebiduna den idazkera baten ondorio dira, eta ez itzulpen baten ondorio. Cullellek bi eremu literarioetan arrakasta izan duten elementuak ere aztertzen ditu, baita Margaritek bere buruaz islatzen duen figura ere. Itzulpen elebidunak—argitaletxe katalanen munduan izandako aldaketak direla eta— alde batetik katalan literaturako logika identitario baten ondorio dira. Gune espainolean duten arrakasta, bestetik, olerki talde dominanteekin elkartzeari zor diote, “olerkigintza esperimentala” dela eta.


Sistema literarioen eraikuntzak botere politiko eta ekonomikoetatik guztiz apartaturik ez dauden interes heterogeneoei erantzuten die. Horrela, instituzioak eta merkatua ditugu giza botere eta kulturaren errepertorioen artekari. Maria Ayllón Barasoainek (Universidad de Salamanca), “La cultura como mercancía. Una aproximación a los novísimos desde la perspectiva adorniana de la industria cultural” artikuluan, kasu esanguratsu bat aztertzen du, kanona eratzeko izaten diren dinamika politiko eta ekonomikoak aztertuz. Nueve novísimos poetas españoles (1970) antologia, “industria kulturala”-ren ikuspuntutik begiratuta, merkantilizaturik dauden botere erlazioen adibide izango genuke. Bere agerpena demokratizazio prozesu baten dinamikaren menpe egon zen, bakerako ikono eta kulturaren birsorkuntzaren premia zegoen garai batean. Bertan kokatu ditzakegu sari literarioak, erbesteratuen itzulera mediatikoa eta eleberri hispanoamerikarraren booma, itxura moderno, kosmopolita eta bateratzailea zuen literatura ofizial bat artikulatuz. Antologian azaltzen diren idazle gehienak katalanak izateak zentzu honetan ulertu dezakegu: Bartzelonak irudikatzen duen Europarekiko irekieraren aldarrikapena, eskualdeko errealismoarekin erlazionatzen den gaztelerako ereduaren aurkakoa, hain zuzen.


Ale hau bost artikuluz osatutako miszelanea atalak osatzen du. Fernanda Bustamante E.-ren (Universitat Autónoma de Barcelona) “Representar el ‘problema haitiano’ o el problema de representar lo haitiano: una lectura de textos literarios dominicanos del 2000” artikuluak argitaratu berri den corpus literario baten bidez hispanofilia eta negrofobiaren arteko tentsioa aztertzen du dominikarra den identitate nazionalaren oinarrian. Seyed Mohammad Marandi (University of Tehran) eta Mohsen Hanifek (Kharazmi University) idatzi duten “Aesthetics of Opposition: the Politics of Metamorphosis in Gerald Vizenor’s Bearheart” artikuluan, Gerald Vizenor eleberrigilearen Bearheart aztertzen da Vizenor beraren “survivance” eta “terminal creeds” kontzeptu filosofiko-politikoen bidez. Eleberri honetan natiboa den folkloreak eskaintzen duen errealismo magikoak identitatearen lanketa berri bat eskaintzen du. Mónica Molanes Rialek (Universidade de Vigo), “Walter Benjamin en la poética dramática de Juan Mayorga” artikuluan, Walter Benjaminen pentsamentu filosofikoaren eta Mayorgaren olerkigintza dramatikoaren oinarri teorikoen arteko elkarrizketa eskaintzen digu. Carlos Quintero Tobónek (Universidad Eafit de Colombia), “Fantasía y realidad: relaciones entre palabras e imágenes en Elogio de la madrastra de Mario Vargas Llosa” artikuluan, ekfrasiaren erabilpen erretorikoa aztertzen du idazle perutarraren eleberrian, baita irudiek bertan duten funtzio sinbolikoa ere. Jennie Rothwell (Trinity College Dublin), “From Performance to Print: Exporting Lorca through Paperback Translations of La casa de Bernarda Alba (1998-2012)” artikuluan, García Lorcaren lana eremu anglosaxoian izan duen harrera aztertzen du itzulpenen bidez.


452ºFko hamaikagarren ale honek lau liburuen kritikek ixten dute. Horietako hiru Routledge argitaletxeak argitaraturiko hiru liburuenak dira, World Literature-ari, hots, kontzeptuaren arazoei eta eztabaidari dedikatuak; eta laugarrena, Rosalio de Castroren eleberrigintzari buruzko liburu batena da, Ikasketa Literarioek eskaintzen duten ikuspuntu kritiko berrietatik idatzia.


Ale honekin, 452ºF aldizkariak Literatura Konparatuaren eta Teoria Literarioaren erreferentzia izateko zaletasunari jarraipen eta sendotasuna ematen dio. Miszelanea ataleko artikuluak Teoria Literarioaren dimentsio interdiziplinarraren adibide garbiak dira, Literatura Iberiko Konparatuak osatzen duen monografikoa, bestalde, Ikasketa Literarioak berritzeko beharraz ohartzen gaituzte. Horrela, aditzera eman dezakegu Bartzelonako Unibertsitaterako adskripzioak gure plataforma sendotzeko eta aldizkariaren edukiak zabaltzeko aurrerakada esanguratsua ekarriko duela.


Bernat Padró Nieto

FaLang translation system by Faboba

index

miar ccuc csic dialnet doaj e-revistas isoc latindex MLAracoresh
lista de emails
click sinuca

chfyavbh88y FilmOneTorrents http://filmonetorrent.blogspot.com/4cd3